Atletismoa Antzuolan

Lehen etapa (1960-1970)


Cesareo Gabarain, Maristen Anaien Kolegiora 1959ko abenduaren 19an  iritsi zen kapilau moduan. Ondoren, gazteei kirolarekiko zaletasuna sustatzen saiatu zen. Lehenik, Hankaluze koadrila deituriko 14-16 urteko mutil taldea sortu zuen eta kirol batzuk praktikatzen hasi ziren.  Talde honetan, Bergarako Jesus Zabala Xanxon eta Urretxuko Tomas Zabaleta eta besteren bat sartu ziren. 

Taldeak, Danok Bat elkartearen babesa jaso zuen, bere kamiseten bitartez. Cesareo Gabairainek Danok Bat elkartea sortu zuen eta kamiseten bitartez kirol taldea babestu zuen kirolarien gurasoekin batera. Honela, Antzuola izena herriz-herri eraman zuten: Eibar, Oñati, Bergara, Irun, Lasarte, Zumarraga, e.a.

Lehen lasterketak 1961, 1962 eta 1963 urtetan hasi ziren.  1963ko urtarrilaren 28an Danok Bat taldeak Lasarteko Nazioarteko krosean hartu zuen parte, Mamo Woldek senior mailan irabazi zuelarik. Antzuolako taldeko 80tik gora atletek, jubeniletan egin zuten lasterketa. Irten bezain pronto Luis Mari Jauregi,  abiadura handiko lasterkariak, aurrea hartu zuen, bozgorailutik ezezagun bat ziztu bizian irten zela entzun zitekeen. Jubenilen sailkapenean 14. postuan  Jose Ignacio Garitano azaldu zen eta 48. Bergarako Jesus Zabaleta, Xanxon. Garaiko Hoja del Lunes egunkarian argitaratu zen aipamena kontserbatzen dugu.

Emaitza bikain honekin animatuta, herritarren artean ondorengo desafioa planteatu zen: ea herriko inor gai izango zen Gorlako Pol-Pol elkarteraino 45 minututan joan eta etortzeko. Antiguako tabernan bilduta zeudela, Hankaluze kaudrilakoak prest agertu ziren desafioari aurre egiteko eta 12 txuleta jokatu zituzten baietz lortu. Hauek ziren onartu zituzten baldintzak: 06:15ean irtetzea, pertsona bakarrak egingo zuen bidea, eta elizako kanpaiak 07:00ak joterako amaitu behar zuen. Apostua, 1963ko ekainaren igande baten gauzatu zen, Jose Ignacio Garitanok egin zuen lasterketa eta 34´eta 
46´´tan amaitu zuen. Tamalez, 06:30eko mezetara joan zirenak ezin izan zuten gure lasterkaria helmugara iristen ikusi. Eta, noski, Hankaluzeak gustu handiz triparatu zituzten 12 txuletok Arin tabernan.

Denbora aurrera joan ahala, kirola mutikoen ezaugarrietara egokitzen joan zen: batzuk atletismo frogetara, besteak abiadurara, jauzira, jaurtiketara, e.a. Entrenamenduak, herriko kaleetan zehar edo Iriarte baserriko zelaigunean egiten ziren.
Altuera jauzia praktikatzeko ez zegoen fosorik, ez eta koltxonetarik eta, beraz, Guraiza estiloan edo Sabel-arrabola (rodillo ventral) estiloan egiten ziren eta 100 eta 300 metroko frogak, berriz, Antiguako zubiaren eta Ertzile baserriaren artean.

Frogetan parte hartzeko prestatu ondoren, hiru herrien artekoetan antolatzen ziren, hau da, Antzuola Bergara eta Oñatin kontra, Bergara eta Azkoitiren kontra eta Bergara eta Zumarragaren kontra.  Lehiak, herri bakoitzeko futbol zelaian egiten baziren ere, Antzuolan, errepidean edo Iriarteko zelaigunean egiten ziren.

Antzuolako jaien inguruan aizkora froga eta korrika konbinatzen zuen beste desafio bat planteatu zen. Aizkolariak, bi napar ziren eta  korrikalariak Patxi Irizar, alde batetik eta Luis Mari Jauregi eta Jose Inazio Garitano, bestetik.

Aizkolariek, kanaerdiko 6 enbor moztu behar zituzten. Aizkolari bat eta Patxi Irizar bikote ziren, bigarren honek korrika egin behar zuen frontoian:  100 buelta /80 metrokoak.  Bi aurkariek, berriz,  ibilbide bera, baina 10 bueltako txandatan.

Garaileak Luis Mari Jauregi eta Jose Inazio Garitano izan ziren.

Froga edo erakustaldi berdina Bergaran errepikatu zen San Martineko jaietan, 1963ko irailaren 16an, eta bikote berak irabazi zuen.

Luis Mari eta Jose Inaziori bakoitzeko 750 pezeta eman zizkioten, garai haretan 15 lanegun behar ziren hori irabazteko.

Hemen orduko argazkiak:










  
              


                   






 







 




                                   

  

Don Cesareo joan ondoren


Cesareo Gabarain Antzuolatik joan ondoren, 1975ean, Iñaki Toledo, Jon Azkarate, Javi Fernández e.a atletismoa berreskuratzen saiatu ziren, baina ezin izan zen talderik osatu Antzuolan, eta Bergarako Club Deportivo-ko fitxa atera behar izan zuten.